Emmi Picler pediatra izan zen Loczy izeneko haurtzaindegi hau sortu
zuena. Budapesten aurkitzen da eta haurrak hezteko modu berezia erabiltzen
dute, berezia baino desberdina esango nuke. Haurtzaindegi honetako umeak umezurtzak izan arren bertako hezitzaileek beraien filosofiarekin giro onean heztea lortzen dituzte.
Askotan,
gure gizartean behintzat, haurren ikasteko prozesua bizkortzeko ahaleginak
egiten ditugu. Badirudi barruko zerbaitek edo batzuetan norbaitek azelerazio prozesu
honetan laguntzen digula. Askotan ohiturak medio haurren ikaste prozesu hau
azeleratzen dugu. Honelako jokaerekin haurrak ez ditugu kontuan hartzen, bere
gaitasunak ez ditugu kontuan hartzen, azken finean haurren gaitasunak
gutxiesten ditugu.
Haurtzaindegi
honetan haurra bere osotasunean errespetatzen da eta hezitzaileak beste rol bat
hartzen du, behatzailearena hain zuzen ere. Honetarako hezitzaileek guk
daukagun parte-hartzailearen papera baztertzen dute. Haurraren ikasketa eta
heldutasuna prozesu natural baten bidez egin behar dela uste dute, alegia, modu
naturalean, haurraren garapena eta denbora errespetatuz. Horretarako
protagonistak haurra izan behar da, ez ordea, heldua.
Aurrera
jarraitu aurretik, guzti hau ulertzeko adibide bat jarri nahi dut:
Ahoz gora dagoen ume bat ahuzpez nahita jartzen duzu,
bere prozesua azeleratuz. Zeintzuk dira ondorioak?
1.- Mugikortasuna zeukan haur batek orain ez dauka mugikortasunik.
Ez baitaki zer egin, mugatuta sentitzen da.
2.- Jarrera hori berarentzat ez da normala, beraz,
giharrak tentsiopean egongo dira.
3.- Mugikortasun ezak helduari laguntza eskatzera
behartzen dio, honek dependentzia sustatzen du.
Haurtzaindegi
honetan haurrak mugitzeko behar duen askatasuna bermatzen dute. Askatasun hau izango bait da haurtzaindegi honetako filosofiaren ardatza. Haur bat gai da bere motrizitate guztia bere kabuz garatzeko; etzanda egotetik bakarrik oinez hasi arteko prozesu guztia bakarrik egiteko programatuta dago. Askatasun hau izan
dezaten besteak beste espazio zabala eta arropa atseginak izatea ezinbestekoa dira,
honez gain ziurtasuna bermatzea eta lekua egokitzea ezinbestekoak dira.
Gauza gehiago Loczyri buruz.
Hona hemen haurtzaindegi honi buruzko bideo bat. Bertan
haurtzaindegi honen filosofia eta historia ikusi ahalko dituzue:
EMMI PICLER
Vienan jaio zen 1902. urtean. Gurasoak hungariarrak zituen eta haurtzaroa Hungarian eman zuen. Ama irakaslea zuen, eta, aita, egurrarekin lan egiten zuen artisaua. 1920ko hamarkadan Vienara bueltatu zen medikuntza ikastera eta bertako unibertsitateko erietxean Pediatrian espezializatu zen. Garai hartan Vienan giro oso berezia bizi zen, hezkuntza «modernoaren» korronte indartsu samarra ari zen zabaltzen. Hartara, erietxe hartan gerora baliagarriak izan zitzaizkion printzipio oso interesgarriak jaso zituen.
Erietxe hartan mimo handiz eta modu berezian zaintzen zituzten haurrak. Araua garbia zen: haurrentzat ahalik eta atseginenak izan behar zuten zaintza horiek. Esaterako, miatzen zuen bitartean haurrak negarrik egin ez zezan saiatu behar zuen sendagileak.
Horrez gain, gaixo txikiak ohean etzanda ahalik eta denbora gutxien pasa zezan saiatzen ziren eta erietxean jolaserako txoko aproposak zituzten.
Haurrek kanpoan ahalik eta denbora gehien pasa zezaten ere saiatzen ziren, baita besoetako haurrek ere. Horretarako, logela askok balkoia zuten eta hotzaren aurrean ondo babestu eta kanpora ateratzen zituzten, kanpoko haizea osasungarriena dela iritzita.
Derrigor bete beharreko beste arau bat ere bazuten: jateko orduan ez eman haurrari nahi ez duen koilarakada hori. Erietxe horretan haurren janzkera ere berezia zen; hankak aske zituzten eta pixoihalak neurrikoak, ez handiegiak, haurrek mugitzeko askatasuna izan zezaten.
Egiteko modu berezi horiek ezagutzeaz gain, erietxe horretan Emi Pikler gauza batekin konturatu zen: haurren istripu kopuruari begira, langile auzoetako haurrek -kalean korrika eta jolasean ibili eta zuhaitzetara igotzen zirenek-, aberatsagoak ziren familietako haurrek baino istripu askoz gutxiago izaten zituzten, nahiz eta azken horiek askoz babestuago egon.
Vienan ikasketak amaitu eta gero, Triesten eta Budapesten aritu zen lanean Emi Pikler familia mediku bezala hamabost bat urtean. Garai hartan ezagutu zuen bere senarra, pedagogo progresista ezaguna eta bere ideien bultzatzaile eta defendatzailea. 1946. urtera arte aritu zen familia mediku lanetan.
Egun hainbestetan aipatzen den prebentzio medikuntzan lan garrantzitsua egin zuen. Gaixorik egon edo ez, astero bisita egiten zien bere zaintzapean zituen familietako haurrei. Bere esanean, «gaixotasuna osasuna ziurtatzen duen baldintzen akatsa da» eta horregatik zaintzen zituen bereziki haur horiek egunerokoan bizi zituzten baldintzak.
Piklerrek Hungariako mugimendu komunistarekin nolabaiteko lotura izan zuela gauza jakina den arren, ez da horren inguruko detaile gehiegi ezagutzen. Emakume modernoa zen eta giro modernoa bizi izan zuen. Segur aski lotura horren ondorioz, 1946. urtean boterera iritsi berria zen Hungariako Gobernuak Budapesten umezurztegi baten kargu egiteko eskaini zion. Sehaska etxe hori Loczy kalean zegoen, hortik gerora sortu zen fundazioaren izena.
Gerra amaitu berria zen eta haur asko zegoen zaintza beharrean; batzuk umezurtz geratu zirelako eta beste asko beren familiek ezin zituztelako zaindu. Baziren, baita ere, gurasoak tuberkulosia zutelako beren etxeetatik urrundu behar izan zituzten haurrak.
Emi Piklerrek Loczy etxearen gidaritza hartu zuenean bide erabat berria abiatu zuen, gerora bere lantaldeak jarraitu duena eta egun, 60 urte geroago, oso baliagarria dena. 1979. urtera bitartean bere izena daraman institutua gidatu zuen. 1986. urtean zendu zen haurraren hazkuntzaren inguruko sekulako ondasuna utzita.